XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urte hartako Sanjunak baino egun batzuk lehenago azaldu zen Kittano Beotibarren, aste beteko bizarrarekin eta plastikozko poltsa beltz bat eskutan zuela.

Hogeitamar urtetik gora zeuzkan ordurako.

Bartzelonatik zetorren.

Han iragan omen zuen denboralditxo bat betaurreko beltzak jantzi eta kale kantoi batean itsuen kupoiak salduz.

Beotibarko kale nagusian behera zihoala, iragarki bat ikusi zuen: MIELIÑO AUTOAK.

Han zegoen bere aspaldiko laguna auto baten azpian gora begira etzanda.

Hankak bakarrik ikusten zitzaizkion.

- Iepa, Mieliño, bizi al haiz?- galdetu zion Kittanok.

Sugea sasi artetik bezala atera zen Mieliño autoaren azpitik arrastaka.

- Nondik azaldu haiz hi? Baina....

- Kittano! Ezin diat sinestu....

- Ez al hintzen, ba, Parisen bizi?.

Egunero gogoratzen ninduan hirekin, baina ez nian hi gehiago ikusteko itxaropenik.

- Esku zikinak zeuzkeat, baina ekatzak bosteko hori, moteil!.

Denbora luzez egon ziren hizketan biak, elkarri galderak eginez kontu-kontari.

Mieliñok tailerra itxi eta etxera eraman zuen bazkaltzera bere lagun abenturaria.